23 de octubre de 2010

Kirmen Uribe

Biografia

Kirmen Uribe Ondarroan (Bizkaian) jaio zen 1970ean. Gazterik hasi zen musika-taldeentzat letrak idazten. 1987an TU-K taldeak musikatu zituen lehenbizikoak Existentzia izeneko maketan. 1990 urtean Le blist bilduma kaleratu zuen Josu Aranbarri marrazkilariarekin batera. Le blist proiektuak 1987 eta 1990 urteen artean sorturiko poemak eta komiki expresionistak biltzen ziren bertan.

Euskal Filologian lizentziaduna, Literatura gonbaratuzko graduondoko ikasketak burutu zituen Italian. Geroztik, irakasle, itzultzaile, interpretari eta gidoilari lanetan aritu da (ETBko Sautrela literatura saioan besteak beste).
Bi aldiz jaso du Becerro de Bengoa saiakera-saria. Lehena, 1995ean eman zioten Jon Elordirekin batera idatzi zuen Lizardi eta erotismoa saiakeragatik. Bigarrena, 2000 urtean Zazpi saio, zazpi leiho lanarengatik. Lan horretan mendebukaerako idazleen kezka estetikoez ari da.

Entseguak, ipuinak, poemak eta komikiak atera ditu han-hemenka eta hainbat letra idatzi musika taldeentzako: Mikel Urdangarin, Piztiak, TTLT, Bide ertzean, Sagarroi eta beste. Euskaldunon egunkarian zutabegile da astero. The Balde aldizkarian literatur kontuetaz arduratzen da. Arabierazko idazle, aborigen, AEBetako eta Afrika hegoaldeko idazleen testuak itzuli ditu bertan.
Hortik zehar, Raymond Carver, Silvia Plath, Anne Sexton, Manuel Rivas eta Wislawa Szymborskaren poemak euskaratu ditu, besteak beste.

Azken lanen artean hiru aipagai: Lehena, Bar Puerto, literatura, musika eta bideoa batzen zituen ikuskizuna. Egitasmo hori Josu Eizagirre bideogilea eta Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabal musikariekin batera burutu zuen. Ikusentzunezkoan kantak, irudiak, testuak eta benetako jendearen testigantzak jasotzen ziren, saihesbidea egiteko Ondarroan bota zuten Zaldupe izeneko auzo zaharra aitzakia hartuz. Gero, diska-liburu gisa argitatu zen Gaztelupeko Hotsak etxearen eskutik. Bigarren lana, Ekidazu, Kukubiltxok eta Oskorrik taularaturiko antzezlanaren gidoia da, Mikel Zarateren ipuin batean oinarritua. Laster ikusiko du argia liburu gisa. Hirugarrena, Bitartean heldu eskutik poema-liburua, 2001eko Kritika Saria.

Lana

Bilduma
  • Portukoplak (2006, Elkar)

Poesia

  • Bitartean heldu eskutik (2001, Susa)

Haur eta gazte-literatura

  • Garmendia eta zaldun beltza. (2003, Elkar)
  • Ekidazu, lehoiek ez dakite biolina jotzen. (2003, Elkar)
  • Ez naiz ilehoria, eta zer?. (2003, Elkar)
  • Garmendia errege. (2004, Elkar)
  • Guti. (2005, Elkar)
  • Garmendia eta Fannyren sekretua. (2006, Elkar)

Saiakera

  • Lizardi eta erotismoa. (1996, Alberdania)

Eleberria

  • Bilbao-New York-Bilbao. (2008, Elkar)

Musika-literatura

  • Bar Puerto. (2001, Gaztelupeko Hotsak)
  • Zaharregia, txikiegia agian. (2003, Gaztelupeko Hotsak)
Gehiago jakin nahi baduzu:

kirmenuribe.com/

    0 comentarios: